102 ex-libris: Walter Benjaminen omenezko erakusketa
Walter Benjamin berlindar filosofoa 1940an hil zan Portboun, Gestapotik igesean ebilela. Filosofo hau erbesteratzearen bidea hartu eben guztien sinbolo enblematikotzat hartu geinke, bai Espainia frankistatik iges egiten ebenena, bai Frantzia okupatutik alde egiten ebenena, bai eta gaur egun munduan antzeko egoeran dagozan guztiena be. Baina, gainera, Benjaminen heterodoxiak, bere eklektizismoak, bere balio-aniztasunak eta aldi berean judua eta marxista izate horrek ondotxo justifikatzen dabe giza generoaren beraren eredu on legez hartzea pertsonaia hau.
Ex libris honeekaz, batetik, Walter Benjamin bere errealidade literarioagaz lotzen dogu eta, bestetik, erakusketan parte hartu daben artistek omendutako pertsonaiagan garrantzitsutzat hartzen dabena aldi berean idazkera literal eta ikonografikoz azaltzeko aukera eskaintzen da. Beraz, ex libris bakotxean erabilitako diskurtsoak alde literal-literal bat dauka --"ex libris" eta "Walter Benjamin" testuak edo aldaerak--, eta, horrezaz gainera, irudi figuratibo-errealista edo abstraktuak; holan, zelanbait, ikusleari jabearen gaineko ideia zehatz batzuk transmititzen jakoz eta erakusketaren osotasunean testuingururatzen lagunduko dabe. Argi dago, azken baten, oraingo honetan ezin geinkezala ex libris honeek jabetza markatzat ez trukerako edo bildumetarako piezatzat hartu, ezpada artelantzat, eta artelan horreetan gorazarre egiten jakon pertsonaiaren gaineko ideiak batzen dira espazio nahiko mugatu baten.
Amaitzeko, aitatzekoa da erakusketan arlo desbardinetako artistak batu dirala: grabatua, pinturea, eskulturea, argazkigintza, diseinu grafikoa... eta dan-danek antzeko neurri eta joko kromatikodun ex librisak egin ditue, erakusketaren kohesino bisuala modu nabarmenean aberastuz.
Alain Moreau
Joan-Lluís de Yebra